Hasiera Castellano English   Posta Estekak
Berriak
 
Ahozko historia
Ahozko historia biltzeko eta kontserbatzeko lehen zentroa Columbia Oral History Office izan zen; Allan Nevis historialariak sortu zuen Estatu Batuetan, 1948. urtean. Bertan, komunitate txikien testigantzak berreskuratzeko hainbat proiektu egin ziren. Handik aurrera, 60ko hamarkadan, ahozko historia instituzionalizatzen hasi zen, eta sozietate historikoen eta liburutegien ekimenek bultzatuta, ahozko artxibo asko sortu ziren. Oral History Association erakundeak Ipar Amerikan argitaratutako Oral History Review argitalpena ekarpen handia izan da alor honetan.

Ahozko historia ikaragarri garatu zen Britainia Handian 60ko eta 70eko hamarkadetan. Paul Thompson, Raphael Samuel eta Trevor Lummis historialariei esker, historiaren eremuan bertan zein beste diziplina batzuetan ere, soziologia, antropologia eta folklorean esate baterako, tokian bertan lan egiteko ohitura sortu zen, eta horrek ahozko historia berreskuratzeko proiektu ugari ekarri zituen. Ahozko historiaren garapenean garrantzi handiko erreferentzia dira Oral History Society elkartearen eta Journal of the Oral History Society aldizkariaren sorrerak. Azpimarratzeko da East Midlands Oral History Archive zentroa.

70eko hamarkadan, Italian, Luisa Passerini eta Sandro Portelli-ren lanak argitaratu ziren. Ahozko historiaren metodologiaren azterketarako ondorio garrantzitsuak zehaztu zituzten, eta horrek ikerketako gai batzuei egin ahal zizkien ekarpenak ere aztertu zituzten, besteak beste, nekazarien metodologia, kultura eta lanari, emakumeen historiari eta emigrazioaren historiari. Interesgarria da oso Erromako Franco Coggiola del Circolo Gianni Bosio Artxibo Soinudunak egindako lana.

80ko hamarkadaz geroztik, ahozko historiaren garapena etengabea izan da Frantzian; Philip Joutard eta François Bédarida-ren lanak argitaratu dituzte eta “bizitzako historiak” erabili dituzte helburu pedagogikoetarako. Institut d’Histoire du Temps Présent institutuaren lana nabarmendu nahi dugu.

Espainian, XX. mendean ahozko iturriekin egin ziren lehen azterketak egiteko, Gerra Zibilean bizirik irten zirenen testigantzak erabili ziren. El Arxiu Històric de la Ciutat de Barcelona, ahozko historiaren lehen artxiboa, ordea, 1983. urtean sortu zuten Mercedes Vilanova eta Jaume Sobrequés-ek. Helburua zen ikerketa arloan diziplina arteko proiektuak diseinatzea eta egitea, agiriak eta jendearen testigantzak biltzea eta kontserbatzea, kontsultatu ahal izateko iturriak artxiboetan sartzea eta lortutako informazioarekin zerikusia zuten dokumentuak argitaratzea. 1984. urtean, Seminario de Fuentes Orales irabazi-asmorik gabeko kultura elkartea sortu zen. Talde horrek 1981etik lan egiten zuen lan-talde modura (Madrileko Unibertsitate Konplutenseko Historia Garaikideko departamentuko María Carmen García-Nieto París irakasleak sortu zuen). Bigarren Errepublika, Gerra Zibila, Frankismoa eta Trantsizio garaiko “memoria kolektiboa” berreskuratzen ibili da taldea. 1989. urtean, Historia Antropología y Fuentes Orales aldizkaria sortu zuen, eta ahozko testigantzak aztertzeko zein horien erabilera eta kontserbaziorako gako metodologikoak zabaltzeko ere, ezinbesteko erreferente bilakatu zen. Harrezkero, hainbat proiektu jarri dira martxan, esate baterako, Konpostelako Done Jakueko Fondo Historga fondoa edo Seminario de Fuentes Orales mintegia. Nazioarte mailan, International Oral History Association, 1996. urtean elkarte bilakatu zen, eta horri esker ahozko historiaren garapenean lankidetzarako eta ezagutzak transmititzeko oso sare garrantzitsua sortu ahal izan da.

UNESCOk herentzia kultural ukiezin definitu zuelako, ahozko testigantzak berreskuratzeko eta kontserbatzeko lana ez ezik horiek erabiltzeko eta ezagutzera emateko aukera ere eskaintzen duten zentro orokorrak sortzeko joera dago gaur egun. Esandakoaren lekuko Buenos Airesko Museo Memoria Abierta eta Quebeceko Zibilizazioaren Museoa.

Euskal Herrian, Errepublika, gerra eta klandestinitate garaiko nazionalismoaren historia berreraikitzeko erabili izan da ahozko historia. 70eko hamarkadaren bukaeran eta 80ko hamarkadaren hasieran Juan Carlos Jiménez de Aberasturik egindako La guerra en Euzkadi lana eta Carlos Blasco Olaecheak idatzitako Diálogos de guerra. Euskadi 1936 liburua izan ziren ahozko testigantzei buruz egindako lehen lanak. Bergarako Mikrofilm Zentroan, Carlos Blasco 107 elkarrizketez osaturiko ahozko fondoa dago. 1985. urtean, Protagonistas de la Historia Vasca (1923-1950) liburua argitaratu zuen Eusko Ikaskuntzak, eta bertan, 1923 eta 1950 bitartean jardunean zeuden erakunde sindikalek eta alderdi politikoek parte hartu zuten mahai-inguru ireki batzuetan egindako ekarpenen transkripzioak daude jasota. Era berean, 90eko hamarkadaren hasieran, ahozko iturrien sorkuntza bultzatu zuen Eusko Ikaskuntzak eta horretarako ahozko historiaren inguruko proiektuei bekak eman zizkien.

2000. urteaz geroztik, historia berreskuratzeko proiektuekiko interesa gero eta handiagoa dela antzeman dugu. Miren Llonak Bilboko erdi mailako klaseak ikertu ditu Entre señorita y garçonne. Historia oral de las mujeres bilbaínas de clase media (1919-1939) liburuan. Ikerkuntzako Victoria Kent saria jaso zuen liburu horrek 2001ean eta bultzada handia eman die Euskal Herriko ahozko iturrietan oinarritutako azterketei. Beste aldetik, Eibar, Basauri, Altsasu, Ondarroa eta Hernaniko Udalek hainbat ekimen bultzatu dituzte, ahozko historiari buruzko proiektuak egiteko. Eibartarren Ahotan Ahozko Artxiboa Eibarko pertsona zaharren ahozko ondarea biltzen dabil eta XX. mendearen lehen erdialdeko historia, pasadizoak eta gertakariak bildu ditu.
© 2006 AHOA Eskubide guztiak gordeak | Hasiera - Berriak - Zer da Ahoa - Bildumak - Estekak - Posta
Laguntzaileak Kolaboratu Ahoarekin Beste ekintzak Ahozko historia Zer da ahoa